Donostiako aurpegi anitzak!
Hiriaren bilakaera; harresien jausialdia eta Belle Epoque-aren etorrera
Donostia, Nafarroako erreinuko portu ofiziala Erdi Aroan
Donostia Erdi Aroko portu bezala sortutako hiria izan zen XII.mendean. Itsasoko merkataritza garatzen hasia zen eta Donostiaren kokapen geografikoa primerakoa zen merkataritzari ekiteko. Ordurako, Nafarroako erregea zen “Antso Jakituna” (Sancho el Sabio), itsas merkataritzak eskaintzen zuen aukeraz ohartuta zegoen, eta 1180.urtean Donostiari foruak eman zizkion bere erreinuko lehenengo portua bertan sortuaz. Izena “San Sebastian” eman zion, badian aurretik existitzen zen monastegiaren izena. Lehenengo biztanleak Gaskoiak izan ziren, Baiona aldetik etorritako itsas merkatariak, hiria portu garrantzitsu batean bilakatuko zutenak.

Erdi aroko Donostia (1572). Iturria: atlas Civitates Orbis Terrarum- Georg Hoefnag
Itsas merkataritza, Donostiaren garapenaren erantzule
Jarduera ekonomiko aparta izan zen itsas merkataritza 7 mendeetan zehar Donostiako hiriarentzat. Esportazio eta inportazio zergek diru iturri handia suposatzen zuten hiriarentzat, eta ondorioz, presentzia handia hartu zuen Donostiaren garapenean. Besteak beste, harresia eraiki zen hiri guztia inguratuz, babesa bermatzeko helburuarekin, garai hartako Donostia Urgull mendiaren oinetan kontzentratuta zegoelarik.

Donostia harresipean. Iturria: Maketa.© Gorka Agirre
Mendeak aurrera joan ahala, hiriak ere gorantza egiten zuen bere aktibitatean baina gatazka desberdinek ekarriko zuten hondamendia. Horien artean penagarriena Donostiako historia kolpatuko zuen 1813. urteko gertaera dugu. Abuztaren 31-a zen, orain dela 204 urteko egun tamalgarri bat, zeinean Donostiaren setioa gertatu zen.
Bost urte ziren, 1808-tik, hiria frantses napoleonikoen eskutan zegoela. Ingelesen armada, Portuges eta Espaniarrekin aliatuta, Donostia askatzeari ekin zion ia 2 hilabetez iraungo zuen setioaren bitartez. Hiriko harresiak zeharkatzea lortu zutenean, 1813.ko Abuztuaren 31-ean, Donostiarrak behingoz libre izango zirela zirudienean, gure salbatzaileek hiria suntsitzea erabaki zuten sute handi bat eraginez. Biztanleen artean gutxi izan ziren lapurreta, tortura edo hilketarik jasan ez zutenak, okerrena noski emakumeek eraman zutelarik.

La quema de San Sebastián. Iturria: © SAN TELMO MUSEOA, DONOSTIA
Suntsipen hura Donostia eta Donostiarrak lur jota uzteko modukoa izan baldin bazen ere, hiria Fenix bat bezala suspertu zen. Bertakoek berreraikitze prozesu bat jarri zuten martxan hiriak bere identitate berreskuratzeko asmoz.
Setioaren aurretik kaleak estuagoak ziren alde zaharrean, etxe guztiak desberdinak ziren eta ibai aldera kokatuta zeuden etxe apalagoetan baziren gauetan paseotxo bat ematera gonbidatzen ez zuten horietako kale zikin eta ilunak. Berreraikitze prozesuan kaleak zabalagoak eraiki ziren, etxeen itxura bateratu egin zen eta hiriak itxura txukun eta ordenatuago bat hartu zuen. Aldaketa urbanistiko honen ardurandun P.Ugartemendia arkitektoa izango genuen, Donostiak berriro bere kutsu komertziala eta maritimoa berreskuratuko zuelarik.
Aurten, 200 urte dira hiri zaharreko plaza nagusia zenearen berreraikipenean lehenengo harria jarri zela. 1817. urtean, Plaza Berrian, orain Konstituzio Plaza dena.
Aro berri baten hasiera, Belle Époque Donostiarra
Egokitzapen horiek ateak ireki zizkien bai bisitariei baita kulturari ere. Geroz eta jende gehiago gerturatzen zen Donostia bisitatzera eta batzuk bertan bizitzen geratzen ziren. Egoera horren aurrean, harresiak Donostiarrak itotzen hasi ziren, eta irtenbide bat topatu behar zenez, hainbat eta hainbat konflikto belikoetan babeserako erabilitako harresiak behera botatzea erabaki zen 1864. urtean. Hiria hedatzean hasi zen orduararte Donostia zena “Alde Zaharra” izatera pasatuz.
Horrela, harresien jausialdia duela 153 urte, Donostiaren bilakaeran mugarri bat jarri zuen beste gertaeretako bat bilakatu zen. XIX.mendearen amaiera zen eta Donostiarrak etorkizunari begira jarri ziren. Arrantzale eta merkatarien hiria izatetik, bisitariei, kulturari eta aisialdiari bideratzen hasi zen Donostia. Belle Epoque zetorren.
Eta Donostiako transformazioaz ari garenez, ezinbestekoa da hiriaren eta bertako ekonomiaren hazkuntzarako helburuarekin sortutako hirigintza plana aipatzea. Cortazarren Zabalkuntza Plana izan zen hain zuzen ere, hiria hegoaldera zabaltzea ahalbidetu zuena eta baita hiria Espainia eta Europa mailan ikusten ziren hiri handi eta ilustratuen pare egotea posible egin zuena ere.

Donostiaren hazkuntza. Iturria:Gipuzkoako Museo birtuala
Garai berrietara egokitzeko beharra
Hiriaren handitze plan hauetan murgilduta geundelarik, Belle Epoque Frantzian hasia zen dagoeneko 1870. urtearen inguruan, eta kostaldeko hiri europearrak (Bath, Diepe, Biarritz…) bisitari eta bainulari dirudunen udarako geltokia bilakatzen ari ziren. Donostiaren potentziala handi zen zentzu horretan eta errealitate berri horren aurrean, zenbait erabaki hartu ziren gure hirian bisitariei harrera egokia egiteko.

Mª Cristina Erregina Kontxan- Iturria: SanSebastian.site
Ordura arte pentsatu ere egiten ez ziren aisialdirako hainbat baliabide beharrezkoak bilakatu ziren hirian. Esate baterako, pasealeku eta parkeen beharraz ohartu ziren eta horren ondorioz eraiki ziren adibidez, Boulervard-eko zumardia edo Kontxako pasealekua XIX.mende bukaeran.

Kontxako pasealekua (1905-1911). Iturria: Archivo Thomas. IEFC
Gaur egun ezagutzen ditugun parke asko garai hartakoak dira eta haien diseinuaren arduradun, ordungo Donostiako lorazain ofiziala izan zen, Pierre Ducasse. Berak apaindu zituen adibidez Donostiako Gipuzkoako plaza eta Alderdi Eder parkea.

Gipuzkoako Plaza – Iturria: San Sebastián Desaparecida
Jende berriaren etorrerak merkataritza ere astinduko du eta denda kantitatea asko aniztuko da XIX eta XX. mendeetan. Zorionez, gaur egun oraindik ere ikusgai eta bisitatzeko moduan daukagu, Sarriegi Plazan, garai haietan sortutako Ponsol denda. Bernardo Ponsol frantziarrak ireki zuen denda 1838. urtean gaur egun ikus dezakegun leku berean. Kapela-denda bat bezala hasitako denda izan zen, era guztietako kapelak egiten zituena eta esaten denez, Donostiako denda zaharrena izateaz gain, Euskadiko eta ziurrenik Espainiako kapela-denda zaharrena ere bada.

Ponsol denda ezkerretan. Iturria: casaponsol.com
Harresiak bota aurretik, baziren Donostia “zaharrean” bisitariei ostatu emateko moduko pare bat ostatu; Posada Real eta Posada Isabel. Baina hiriaren garapenak eta Belle Epoque-ak ekarritako jende andanak beharrezkoa egiten zuen hotel berrien eraikuntza. Adibide gisa, Kontxako pasealekuan 1972. arte egon zen Hotel Continentala dugu.1884. urtean José Goicoa arkitektuak diseinatutako hotelak, ispilu eta lehio handiekin apaindutako jantoki bat zeukan, 150 kiderentzako lekua zuena.

Continental Hotela. Iturria: Revista San Sebastian
Baina garai hartan aisialdirako azpiegitura ezinbestekoak Kasinoak izango dira. Biarritz eta gainontzeko hiriek egiten zuten bezala eta jendea Donostiara etortzen jotateko, 1876ko Donostiako udaletxeak Indoko Jauregian Kasinoa irekitzea baimendu zuen, Donostiako lehenengo kasinoa izango zena eta gaur egun Ogasuneko bulegoak hartzen dituena Okendo kalean. Urteekin Donostian eraikiko ziren kasino ugarien aintzandaria.

Indo Kasinoa Okendo kalean. Iturria: Euskomedia
Baina Donostiako aldaketak ez ziren hirigintzan bakarrik eman. Bizitzeko eran aldaketa handia jasaten ari zen Donostia garai haietan eta horrek donostiarren egoera ere zirikatzen zuen. Itsasoari begira bizi zen biztanleria izatetik, bisitari eta zerbitzuei erantzuna ematera pasa behar zuten donostiarrek. Baina jarduera horiek beraientzat berriak eta ezezagunak zirenez, formazioak berebiziko garrantzia hartu zuen.Horrela jaio zen adibidez, Donostiako Arte eta Lanbideen Eskola 1909. urtean.

Donostiako arte eta lanbideen eskola. Iturria: Postala
Donostiaren bilakaera Belle Époque- etik gaur egunera
Erakutsi dizkizuegun aurrerapen eta aldaketa guztiek Donostia erabat aldatu eta zentzu askotan aberastu zuten. Munduan zehar ezagutzera emateko lehenengo pausuak izan ziren.

Frantsesez egindako Donostiako garaiko kartela. Iturria:Arkeologia, etnografia eta historiako euskal museoa
Bilakaera guzti honetan hiriaren populazioak gora egingo zuen ere. Horrela 1864. urtean Donostian 10.036 biztanle zeudela dakigu Pascual Madoz idazleak bere liburu batean adierazten duenez, 1900.urtean ia laukoitza izango direlarik, 41.200 biztanle. Ordurako Cortazarren hirigintza plana bere fruituak ematen hasia zen eta urte gutxitan biztanleen igoera oso esanguratsua izaten ari zen. 1930.urtean 85.000 ziren biztanle donostiarrak eta hiriguneaz gain, Gros eta Antiguo-ko auzoetan ere kokatzen ziren. Egun, Donostian 180.000 biztanle inguru bizi gara eta 17 auzo ezberdinetan gaude banatuta. Turismoa eta kultura dira gaur egungo hiriaren oinarriak eta Mundu mailako erreferentzi batean bihurtu da Donostia, 2016-ko Europako Kultur Hiriburua izatera iritsi arte.
Ikusi ditugu azken 150 urtetan hiriak jasan dituen aldaketak, baina zer geratzen zaigu aintzinako Donostia harengandik?
Animatu zaitez Donostia zaharra ezagutzera!
Kontatu dizuegun guztiaren ondoren denboran atzera bidaiatu eta Donostia zen bezala ikusteko gogoa etorri bazaizu, lagundu zaitzakegulakoan gaude. Ez, ez daukagu denboraren makinarik, baina bai Donostia hura gertutik ezagutzeko pare bat trikimailu.
Hasteko, posible da Donostiako harresiak eta gerra aztarnak ikustea hiriko zenbait txokotan. Gure kolaboratzailea den “Comeduras de Tarro” -ren blogean ikus daitekeen moduan, 1813-ko konfliktoaren aztarnak aurkitu daitezke Alde Zaharrean nonahi, San Vicente Elizan adibidez, edo harresien zantzuak ere Boulevard-eko aparkalekuan eta Bretxa merkatal zentruan.

“Amezketako Kuboa” Bretxako Zentru komertzialean ikusgai. Iturria: blog Comeduras de Tarro
Baina denboran bidaiatu eta duela pare bat mendeetako Donostia bisitatzeko irudipena eduki nahi baduzu, gure “Belle Époque” ibilbidea aukera paregabea da. Hirian zehar paseotxo bat ematen dugun bitartean azkeneko 150 urteetan gertatu diren aldaketak sakontzen ditugu gaur egungo Donostia garai hartako Donostiako argazkiekin alderatuz.
Zeren zain zaude? Udazkena arte parte-hartzeko garaiz zaude! Informatu hemen.