Leku bereziak Donostian OH MY WALK!-en eskutik
Ezagutu Donostiako leku kuttunak, turista bat bezala sentitu gabe
Gurea bezalako hiri eder batean ez da erraza leku kuttunen zerrenda bat egitea. Gainera, Donostiak erakartzen duen jende andana dela medio, leku kuttun horien magia apur bat itzaliagoa dagoela dirudi batzuetan, edo jendartean ezkutatua agian. Berria egunkariko Edu Lartzanguren kazetaria errealitate horretaz jabetua dago antza, eta gure iritziaren inguruan galdegin digu honako itaun honen bitartez; nora jo dezakegu Donostia bisitatzerakoan turista bat bezala ez sentitzeko?
Donostiako leku kuttunen zerrenda bat egitea erraza ez bada, are zailagoa da zerrenda hori 5 lekutara murriztea, gainera turista bat bezala sentitzearen ideiari ihes eginaz. Baina lortu genuen gure zerrenda osatzea, eta nola ez, zuekin partekatu nahi dugu gaurko post honetan.

Iturria: www.berria.eus / Argazkilaria Juan Carlos Ruiz / argazki press
OHMYWALK!-en 5 leku kuttunenak Donostian
Jakin badakizue guri Donostiako edertasunak adina maitemintzen gaituela bere historiak. Izan ere, benetako Donostia ezagutzeko, 9 mendeetan zehar hiriak jorratu duen historia gogora ekartzea beharrezkoa dela uste dugu. Horregatik, zerrenda hau egiterako garaian leku bakoitzaren istorioa ere kontutan eduki dugu, askotan atzetik duen horrek egiten duelako hain berezia eta ederra kokaleku bakoitza.
Kontakizuna gustagarriagoa egiteko asmoz, Donostiaren eta emakume eder baten arteko metaforarekin jolastera hausartu gara. Irudika dezagun donostia emakume eder bat bezela eta bere bizitza gogoratu dezagun maite ditugun bost lekuren bitartez.
1.- Kanpandegi kaleko zubia:
Gure hiriaren jaiotza Erdi Aroko portu gisa gauzatu zen XII. mendean. Itsasoko merkataritza garatzen hasia zen ordurako eta Donostiaren kokapen geografikoa paregabea zen jarduera hori garatzeko. Horrela, 1180. urtean hiria Europako portu garrantzitsua bilakatu zen “Antso Jakituna” (Sancho el Sabio) garai hartako Nafarroako erregeak, Donostiari foruak eman zizkionean bere erreinuko lehenengo portua bertan sortzeko.
Hiriaren garapena goranzkoa, bizitza handikoa eta jendetsua izan zen mendeetan zehar. Hiria babesteko asmoz, harresia ere eraiki zen hiri guztiaren inguruan Donostia Urgull mendiaren oinetan kokatuz. Orduz geroztik hiria asko aldatu bada ere, oraindik ere Erdi Arora bidaiatu dezakegu hiriko zenbait lekutan. Eta ez dago garai hori hobe irudikatzen duen lekurik Donostian, Alde Zaharrean kokatzen den Kanpandegi kaleko zubia baino.
Han goitik beherantz begiratuz gero, alde batera Portu kalea ikus dezakegu eta hiriko Portu Zaharra beste aldera. Kanpandegi kalea isila eta komertzio gabea bada ere, Portu kaleak jendez eta biziz gainezka jarraitzen du egun, Erdi Aroan bezalaxe. Hiriko Portu Zaharrak eta bertako “Itsasoko ateak” (Portaletas bezala ezagutzen duguna) berriz, portu gisa sortu zen hiri haren ondarea irudikatzen dute. Izan ere, ate hori garai batean hirira sartzeko zeuden bi ateetako bat zen.
Esan genezake beraz, gure leku kuttunen zerrendan lehenengo postua hartu duen zubi polit honek, Donostiarekin alderatu dugun emakume ederraren jaiotza irudikatuko lukeela.
2.- Ingelesen Hilerria:
Bere nerabezaroan, Donostiak babesa behar izan zuen eta helburu horrekin eraiki zen harresia gotorleku bihurtu zuen hiria. Horma haiez gain, guda garaien lekuko dugu Urgull mendiako Gaztelua ere, Donostia bisitatzen denean zalantzarik gabe bisitatu behar den leku zoragarri horietako bat dena. Baina gaztelua bera baino gehiago maitemintzen gaitu Ingelesen Hilerri zaharrak.
Asko dira hilerri hau 1813. urteko setioan hil zirenei eskainitako hilerria dela pentsatzen dutenak. Badakizue zein gertakariren inguruan ari garen ezta? Gogora dezagun bada ezpada ere. Urte hartako abuztuaren 31, Donostiako historiak bizi izan duen egun tamalgarrienetako bat izan zen. Baziren bost urte hiria frantses napoleonikoen eskuetan zegoela. Egoera haren aurrean, Ingelesen armadak, Portuges eta Espainiarrekin batera, Donostiari bere askatasuna lortzen laguntzeko asmoa erakutsi zuten. Geroago ordea, harresiak zeharkatzea lortu zutenean, laguntza zorigaizto bilakatu zen. Salbatzaileak ziruditen berak, Donostia suntsitu zuten sute handi bat eraginez. Egun hartan, hiriko ia biztanle guztiek lapurretak, torturak eta hilketak jasan behar izan zituzten.
Baina Ingelesen Hilerria ez da egun hartan hil ziren ingelesak ehortzita dauden lekua. Lehenengo Karlistaldian (1836-1840) Isabel II.aren alde borrokatu zuten liberal ingelesen heriotzak eman zion hilerri honi duen izena.
Urteen poderioz, hilerri erromantiko honetan hilobi gutxi batzuk bakarrik ikus ditzakegu gaur egun. Bitxikeria bat ezagutu nahi? Gerrate hartan mediku lanak egiten zituen Callender sendagile britainiarraren emaztea eta alaba, Sara eta bere alaba izan ziren hilerri horretan lurperatu ziren emakume bakarrak.
3.- Alderdi Ederreko Lorategia:
Urteak aurrera egin ahala, gure Donostiak nerabezaroko minak atzera utzi eta harresiak behera botatzeko erabakia hartu zuen 1864.urtean. Urte batzuk aurrerago bizitako suntsipenak Donostia lur jota utzi bazuen ere, hiria gogor suspertu zen denbora gutxian. Berrezarpen prozesu bat jarri zen martxan hiriaren identitate berria zehazteko asmotan. Alde Zaharrean estuak eta ilunak ziren kaleak zabaldu egin ziren eta Cortazarren Zabalkuntza Planari esker hiriak bere mugak zabaldu eta gaur egungo Donostia eraikiko zen.
Horrela, Donostia arrantzale eta merkatarien hiria izatetik, kultura, aisialdia eta bisitariei ateak iriki nahi zizkien hiri bat izatera pasatu zen. Espainia eta Europa mailako hiri ilustratuen pare egotea lortu zuen gure Donostiak eta ordura arte ezagutzen ez ziren baliabide batzuk beharrezkoak bilakatu ziren hirian, pasealeku eta parkeak esaterako.
Testuinguru horretan jaio zen XIX.mendean gure hirugarren leku kuttuna, Alderdi Eder Parkea. Garai batean maniobra militarrak egitera bideratutako lekua zen hura eta Errege Soro bezala ezagutzen zen. Pierre Ducasse, Donostiako lorazain ofizialaren lana izan zen ingeles tankerako lorategi txiki hau, eta hein handi batean berari zor diogu gure neskatoa neskatxa gazte eder batean bilakatzearen meritua.
Lasaitasuna nagusitzen den lorategi honetan badira asko gustatzen zaizkigun txoko bereziak. Itzaletan kokatzen diren bankuetan eserita, beste garai hartara bidaiatu dezakegu jende gehienak Kontxako badiara begira aurkituko dugun bitartean.
4.- Loretopea:
Horrela iritsi zen hain maitea dugun Belle Epoque garaia. Donostiaren edertasunarekin txundituta, errege-erreginak gure hiria bisitatzen hasi ziren, eta apurka, goi mailako jendearen udako egonaldietako helmuga perfektua bilakatu zen emakume eder hura.
Hiriak pertsonaia haien neurrira egon behar zuen eta horregatik, parke eta pasealekuak bezala, eraikin berriak altxatu ziren hirian. Alde batetik, beraien egonaldietan aisialdirako aukera eskainiko zieten azpiegiturak zeuden. Biarritzen jarraiki, kasino garrantzitsu bat beharko du Donostiak eta horrela 1887. urtean, gaur egun hiriko Udaletxea den erakinia, Mª Cristina erreginak inauguratuko du gure Belle Epoque-aren hasieratzat hartzen den urte hartan.
Bestalde, aristokraziaren udako bizileku bilakatu ziren eraikinak hasi ziren eraikitzen. Horietako bat, eta gure gustukoenen artean dagoena gainera, Miramar Jauregia da. Badiako bista politenak lasaitasunez disfrutatzeko aukera emateaz gain, Donostia zaharra eta berriaren ikuspegi orokor bat ematen digu eraikin honek, hiriaren kokapenak eta badiako babesleku naturalak izan duen garrantziaz ohartzen garelako.
Jauregiko lorategitik behera jaisten garenean topatzen dugu gure laugarren leku kuttuna. Loretopea edo “Pico del Loro” bezala ezagutzen den txokoa hain zuzen ere. Bitxikeria gisa, esan beharra daukagu txoko honi izena ez datorkiola hegaztitik, Loreto ermitaren behealdean kokatuta egotetik baizik. Jende askorik egoten ez den lekua da, eseri eta erlaxatzeko aproposa eta horrek egiten du hain berezia guretzat.
5.- Igeldoko Itsasargia:
Ez pentsa gure emakumearen bizitza hemen amaituko denik, betirako bizirik egongo den emakume baten istorioa kontatzen ari baikara. Donostian zehar egindako ibilbide honetan guk kuttunena dugun lekua zein den argitzeko unea iritsi da, Igeldoko Itsasargiaz hitz egiteko unea hain zuzen ere.
Itsasargi hau kokatzen den leku berean beste bat zegoen aurretik, baina 1813. urtean jazo ziren sarraskien ondorioz itzali egin zen. Hainbat urte beranduago, Manuel Peironcely ingeniariak itsasargia berreraiki zuen, gaur egun ezagutzen dugun 134 metroko itsasargian bilakatuz.
Itsasargi honetatik Igeldo mendia eta itsaso zabala aurkezten dira, Donostiar orori hemen jaio eta bizi izateaz daukagun zortea gogoraraziz. Ilunabarrean eguzkia itsasoaren atzekaldean nola ezkutatzen den ikustea bertatik, plazer hutsa da.
Zer iruditu zaizue gure leku kuttunen aukeraketa? Pertsonak adina gustu existitzen direnez, badakigu zuen artean izango direla bestelako lekuak maite dituzuenak. Berria egunkariko artikuluan gure iritziaz gain Xabier Etxaniz eta Mikel Iturriaren iritziak ere partekatzen dira, eta horregatik, artikulua irakurtzera gonbidatzen zaituztegu, txoko gehiago ezagutu ditzazuen.
Eta gaurko sarrerarekin amaitzeko, Donostia bisitatzen duzuenean turista bat bezala ez sentitzeko hainbat gomendio luzatu nahi dizkizuegu:
- Auzoak bisitatzea:
Ohiko gidaliburuetan badirudi Donostian dena Alde Zaharra edo Kontxako pasealekua dela. Baina badira hirian hainbat eta hainbat auzo eder. Beraz, horiek ezagutzea gomendatzen dizuegu. Kontsultatu autobus lineak eta zoazte hiria bere osotasunean ezagutzera. Ziur hiriko erdigunetik hurruntzearekin batera turista sentipena gutxiagotuko zaizuela.
- Udako hilabeteak ekiditea:
Gomendio hau erabilgarria izango duzue bai Donostian, baita gainerako helmuga turistiko gehienetan ere. Jakin badakigu udan izaten direla ohikoenak oporrak, baina eguraldiaren beldur ez bazarete, beste edozein garaitan hurbiltzea gomendatzen dizuegu. Udaberri zein udazkenak badute bere xarma gure hirian.
- OHMYWALK! ibilbide kulturalak egitea:
Donostiarrak izanik, gure ibilbideek hiriaren ikuspegi berezi bat ematea dugu helburu nagusitzat. Turistentzat bideratuta dauden ibilbide arruntetatik ihes egitea gustatzen zaigu, gure ibiltariei esperientzia eta bizipen ezberdinak eskaintzea. Beraz, turista sentsazioarekin amaitu nahi baduzu, emaiozu begirada bat gure webgunean dagoen eskaintzari edo jarri gurekin harremanetan, gustu handiz hartuko zaitugu.